ZETAK eta Oques Grasses taldeek hitza eman dute “Hitzeman” lanarekin

Single berria azaroaren 13an, ostiralarekin, egongo da prest plataforma digitaletan

Pello Reparaz (ZETAK) musikariak “Hitzeman” bideoa aurkeztuko du Youtubeko bere kanalean, ostirala 13an, 00:00etatik aurrera, eta zaleekin zuzenean ere hitz egingo du

”Momentu oso zailak dira denontzat. Ez dakigu noiz arte iraungo duen erokeria honek. Lehengo egoerara itzultzeko gogoz denok. Baina… Nork dio lehengo egoerara itzuli behar dugunik? Eta guzti honek zerbaitetarako balio izan badigu? Eta hemendik aurrera gehiagotan besarkatzen bagara? Eta elkarri “maite zaitut” gehiagotan esan?”. Pello Reparazek (ZETAK) hitz horiekin aurkeztu zuen sareetan bere hurrengo singlearen kaleratzea; izan ere, “Hitzeman” abestia bihar, azaroak 13, ostiralarekin, egongo da eskuragarri plataformetan.

“Hitzeman” lanean, hitza emateko kontzeptuaren gaineko kontakizuna eratu dute ZETAK eta Oques Grasses taldeek, bertsoak euskaraz eta katalanez uztartuta.

Abestiak entzuleari zuzenean galdetzen dio: “Guzti honen ondoren zer egingo duzu gehiagotan? Familiarekin denbora gehiago pasa? Zure buruarekin? Lagunekin?”, zioen Pello Reparazek sare sozialetan.

Abesti berria bideo eta guzti dator, eta bideo hori jarraitzaileek ZETAKi bidali dizkioten piezekin osatu dute. Bideoa ostirala 13an argitaratuko da, 00:00etan, eta Pello Reparazek berak parte hartuko du estreinaldian, ZETAK taldearen Youtube kanalean, bideoari buruz eta “Hitzeman” kontzeptuari buruz zuzenean eta denbora errealean hitz egiteko zaleekin.

“Hitzeman” singlea euskarri digitalean argitaratuko da; dena den, ZETAK taldeak formatu fisikoan eta digitalean hemendik gutxira kaleratuko duen estudioko bigarren lanean ere sartuko dute.

Eman hitza. Eman ZURE hitza. “Hitzeman”.


Share