Arctic Monkeys Estatura datoz berriro, 4 urteren ostean, eta Cala Mijas jaialdian emango dute kontzertu bakarra

Costa del Sol-en izango da nazioarteko ekitaldia: jaialdi-eredu berri bat, hasiera-hasieratik Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin konpromiso irmoa duena

Chet Faker, Blossoms, Hot Chip, The Lathums, Nathy Peluso eta Estatutik Love of Lesbian, Sen Senra eta El Columpio Asesino sartzen dira lehen artista multzoan 

Udako azken asteburua. 2022ko irailaren 1a, 2a eta 3a. La Cala de Mijas, Málaga, Costa del Sol. Udako oporraldia biribiltzeko amaiera perfektua izan daiteke Cala Mijas nazioarteko jaialdi berria. Hiru eguneko ekitaldi bat, esperientzia bizitzea jarrera-kontua izanik: zuzeneko musika, hondartza, Mijas herriaren xarma, gastronomia eta egunsenti bihurtzen diren ilunabarrak. Kokapen ezin hobea du, Málagako Mijas herri pintoreskoan izango baita, hau da, etxe zuriak eta urre-koloreko hareako hondartzak dituen oasi batean, eta musika onenaz gain, jaialdi honek konpromiso sendo bat ere ekarriko digu: ingurumenarekin arduratsua izango den, ingurunea zainduko duen eta tokiko komunitateari ekarpena egingo dion jaialdi-eredua bermatzeko konpromisoa, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren ildoari jarraikiz, dela jaialdia bera gauzatzean, dela jaialdiaren balioak eta garrantzia zabaltzean.

Musika eraldaketaren bektore da eta izan da, eta Cala Mijas jaialdiko kideok kulturaren ahalmen katalizatzailean sinesten dugu itsu-itsuan, zeharkako jasangarritasun-eredu bat indartze aldera; hartara, jaialdia egingo den ingurunearen gaineko inpaktua ahalik eta gehien murrizteko gai ez ezik, tokiko komunitatearen garapena eta hazkundea sustatuko duten eta denboran iraungo duten onurak sortzeko gai ere izango da gure eredua, kulturaren, gizartearen eta ekonomiaren arloetan.

Jaialdi konprometitu batek goi-mailako izenak eskatzen ditu. Gaur, Costa del Soleko Cala Mijas nazioarteko jaialdiaren line up-aren ildoa markatuko duten lehen 14 artistak iragarriko ditugu. Arctic Monkeys izango dira penintsulako hegoaldeko jaialdi nagusi berriaren protagonista. Lau urte baino gehiago igaro dira Estatuan azkenekoz egon zirenetik, eta Sheffield-eko taldeak Cala Mijas hautatu du Estatuan emango duen kontzertu bakarra egiteko; beraz, jaialdiaren inaugurazioko edizio honetako zeremonia-maisu izango dira, motu proprio, rock britainiarraren erregeen tronua aldarrikatzeko.

Sintetizadoreak eta musika elektronikoaren aitzindariak direla esanez gero, Kraftwerk taldeari buruz ari gara, inolako zalantzarik gabe; eta hauek ere ezin izan diote ezetz esan Mijas herriaren kostaldeko xarmari. Elektronikaren legenda bizia den talde bat ezinbestekoa baita Cala Mijas jaialdiaren biografiaren lehenengo lerroak idazteko. 

Costa del Solen bidea egiten hasiko den nazioarteko jaialdia. Udako azken asteburuan, Chet Faker australiarraren espiritualtasuna izango dugu, lan berria besapean duela itzuliko baita berriro agertoki gainera; eta, horrekin batera,  Blossoms britainiarrak eta Hot Chip indietronikako talde garrantzitsuena. Erritmo latinoei dagokienez, gaur egun generoak duen enbaxadore nagusia arituko da, Nathy Peluso, alegia, eta Love of Lesbian taldeak abesti kantagarriak eskainiko dizkigu, hala nola Fantastic Shine, bertaratzen garen guztioi gogorarazteko askatasun-sentsazio hori eta oporren sentsazio hori zergatik dugun hain gustuko urteko 365 egunetan. Eta ez dira bakarrak izango;  The Lathums taldearen laurogeiko hamarkadako popa, Erresuma Batuan hainbat astez 1. postuan egon den How Beautiful Life Can Be lehen diskoarekin; El Columpio Asesinoren elektro-punk alternatiboa eta Sen Senraren melodia itsaskorrak ere izango ditugu entzungai irailean Cala Mijas jaialdian. Eta lehen artista sorta honetarako arreta handiz aukeratutako line up-a osatzeko, Estatuko hainbat talde aipatuko ditugu, hala nola RusowskyHnos MunozUniforms eta Venturiren gitarrak eta lotsagabekeria. Jaialdian parte hartuko duten artista guztien aurrerapena baino ez da hau, eta datozen hilabeteotan zerrenda osatuko dugu, Cala Mijas jaialdiaren lehen edizioari forma eman arte.

Orainaldiko eta etorkizuneko jaialdia. Cala Mijas jaialdiaren ardatzetako bat 2030 Agendarekin eta Málagako herriko ingurunearekin hartutako konpromisoa da. Horregatik, jaialdiaren idealak, estrategiak eta ekintzak zeharkako eredu batean oinarrituko dira, askotariko neurrien bitartez, hala nola prozesu guztietan erabateko gardentasuna eta inklusio soziala bermatzea, tokiko merkataritza sustatzea, edo eskura dauden baliabide guztiak optimizatu eta berrerabiltzeko diseinatutako lan-fluxua. Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzeko eta neurriak aplikatzeko erantzukizuna geuri dagokigula jakitun izanik, geure konpromisoa haratago doa, eta balioak eta helburuak parte-hartzaile guztiei transmititzeko ahalegin berezia egingo dugu. Musika damurik gabe gozatzeko bizipena, planeta zaindu eta kultura-eredu jasangarria bultzatuz, inguruneari ekarpena eginez eta garai berri bateko jaialdietarantz eramango gaituen bidearen oinarriak finkatuz.

Bonuak salgai daude jada, eta kanpineko aukera duen bonua ere eros daiteke, hemen: calamijas.com y seetickets.com/es.

Partekatu