Jaialdia
Azkena Rock Festival jaialdiak handikiro ospatuko du 20 urteko historia
Patti Smith, The Offspring, Afghan Whigs, Social Distortion, Emmylou Harris, Suzi Quatro, Fu Manchu, Drive-by Truckers, Jerry Cantrel eta, guztira, 55 talde bildu ditugu Azken Rock Festival jaialdiaren edizio honetako artista-zerrendan.
Izarren pasealekua estreinatuko du jaialdiak Gasteiz erdialdean, ibilbide bat bi hamarkada hauetan jaialdiaren eta rockaren historia markatu duten izenen tartean.
Andre Maria Zuriaren plazako doako kontzertuei esker hiriaren bihotzeraino iritsiko da musika ostiral eta larunbatean, Alexis Evans eta Kim Lenz artistekin.
Hasia da Azkena Rock Festival jaialdiaren atzerako kontaketa, eta ostegun honetan zabalduko ditu ateak, hiru egunez, hau da, uztailaren 16tik 18ra bitarte, luxuzko programazioa eskainita 20 urteko historia handikiro ospatzeko Gasteizen.
Artistas del Azkena Rock Festival 2022
ARF jaialdiaren garra osteguneko 18:00etan piztuko da, orduan irekiko baitira ateak. 2 urtez zain egon ostean, jaialdi mitikoaren agertokiak musikaz beteko dira berriro ere eta, hasteko, honako hauek izango ditugu Mendizabalan, besteak beste: Kaliforniako punk-rockaren beteranoak diren eta genero hori masa-fenomeno bihurtu zuten The Offspring; Fu Manchu mitikoen gitarra astunak; jai-giro ezin hobea sortuko duen The Toy Dolls; Estatuko rockaren estandarte Morgan; countryaren ahots berri eta txalotua, Morgan Wade; eta Los Tonys taldeko Micky, baina oraingoan Los Colosos del Ritmo taldearekin batera abiarazi duen proiektu berrian.
Ostiralean, berriz, rock n’ rollaren izen esanguratsu ugari izango ditugu, hala nola 40 urtetik gorako ibilbidea ospatzen ari diren Social Distortion; Greg Dulli buru duen The Afghan Whigs; 2005ean eskaini ziguten kontzertu gogoangarriaren ostean berriro ere Mendizabalara datoz Drive-By Truckers; Alice In Chains taldeko sortzaile eta lider Jerry Cantrell, bakarkako proiektuarekin; edo Ilegales mitikoak. Azken horiek ere urteurrena ospatzen ari dira, eta ARF jaialdian ospatu nahi izan dute. Eta horiekin guztiekin batera, ziurrenik Gasteizko talderik ezagunena ere arituko da: Soziedad Alkoholika.
Larunbat gauean rockaren hiru dama handi izango dira protagonista, argi gera dadin rock musikak eta musika horren soinuek ez dutela adinik. Hirurak hirurogeita hamar urtetik gorakoak emakumeak dira, eta jo ta su jarraitzen dute hirurek; aurten, gainera, jardunaldi berean bat egingo dute denek, etorkizunerako geratuko den gau batean: Emmylou Harris countryaren kondaira; Suzi Quatro edo rockean arraila ireki zuen emakumea, eta gure aparteko amabitxi eta punkaren ikono eztabaidaezin den Patti Smith.
ARF jaialdiaren bereizgarrietako bat da zerrendaburu bikainak ekartzeaz gain, artista sorta ederra biltzen duela kartelean: Adia Victoria, edizio honetako altxorretako bat, zalantzarik gabe; Dirty Honeyren rock aingerutarra, Hiss Golden Messenger taldearen folk-rock sofistikatua edo Ryley Walker aparta.
Trashville, Azkena Rock Festival jaialdiko agertoki zitala
Galdu ezinezkoa da, halaber, Trashville karpako programazioa; rockaren alderdi zitalena azaleratzen den tokia, agertokiaren eta publikoaren arteko arrakala gainditu eta proposamen basatienez gozatzeko, surf, garage, psychobilly eta askoz ere kutsu gehiagorekin.
Mundu osoan The Cramps taldeari egin zaion omenaldirik onena, Teenage Werevolves taldearekin, La Perra Blancoren gitarra basatia, Klingonz psychobillyaren kondaira, Oh!Gunquit londrestarren estilo-nahasketa karismatikoa, edo Tiburonaren punk lotsagabea. Gainera, «Donde ni el diablo se queda.
Recorriendo el Sur con los Drive-By Truckers» liburuaren aurkezpena ere egingo dugu; taldeko kideak bertan izango dira eta, aurkezpenaren ondoren, liburuak sinatuko dituzte.
XX. urteurreneko aparteko jarduerak
Urteurren honetan zuzeneko musika baino askoz ere gauza gehiago izango ditugu.
Mendizabalara ekarriko dugu, berriro ere, motoen, akrobazien eta zuzeneko musikaren Wall of Death ikuskizun zirraragarria.
Gainera, aurtengo berrikuntza moduan, autotxokeak, ekintza rock n`rollaren erritmoan bizi nahi dutenentzat.
Virgen Blanca, ARFk hiria hartu du
Tradizioari jarraikiz, ezin genituen alde batera utzi ostiral eta larunbat goizean Andre Maria Zuriaren plazan antolatzen ditugun doako kontzertuak.
Aurtengo edizio honetan, Alexis Evans soularen promesa zuri berria eta Kim Lenz rockabillyaren musa ekarriko ditugu, gauean Mendizabalan gertatuko denaren atariko eta, era berean, jaialdiaren eta Arabako hiriburuaren arteko topagune klasiko.
XX. urteurrenaz gozatzeko jakin beharrekoak
Cashless
Jaialdiaren eremu barruan, ordainketa guzti-guztiak, bai janaria eta edaria, bai merchandisinga eta atrakzioak, cashless sistema elektronikoaren bitartez egingo dira; eremura sartzeko eskumuturrekoetan txertatuta egongo da sistema hori.
Pertsona bakoitzak bere cashless kontuarekin lotu ahal izango du bere sarrera, esteka honen bitartez, baldin eta online kargatu nahi badu; bestela, dirutan edo txartelaren bitartez kargatu ahal izango du eremuan egongo diren kargatzeko puntu fisikoetan.
Kargatzeko edozein puntutan eta kobratzeko gailuetan kontsultatu ahal izango duzu zenbateko saldoa duzun.
Soberako zenbatekoa automatikoki itzuliko da online egindako kargatzeen kasuan. Puntu fisikoetan kargatu baldin baduzu, eremuan bertan eskatu ahal izango duzu itzulketa edo, bestela, ekainaren 22tik uztailaren 1eko 23:59ak arte, jaialdiaren webgunean; kasu horretan, transferentziaren kostua 1,5€ izango da, eta ezinbestekoa izango da eskumuturrekoa gordeta izatea.
Adingabeen sarrera
20 urte bete ditugu, eta jende ugarik egin du bide horretan aurrera jaialdiarekin batera; publiko hori ere heldutasunera iritsi da eta harrotasunez transmititzen ditu “azkenazaleen ondarea eta tradizioa”, seme-alabak rock-eskola honetara, ARF jaialdira ekarrita. Beraz, gazteenei ere egingo diegu ongietorri berezia jaialdian, eta 14 urtetik beherakoek sarrera doan izango dute.
Kanpina & Glampinga
Hiriburuko eta inguruko herrietako hoteletan aspaldian bete ziren gela guztiak, baina bada aukera oraindik jaialdiaren eremutik minutu gutxira lo egiteko; kanpinaren edo glampingaren artean hautatu daiteke, jaialdiak kanpin-denda muntatuta eta ohea egina eskaintzen baitizkizu.
Edalontzi berrerabilgarriak
Ohikoa den moduan, edalontziak berrerabilgarriak eta itzulgarriak dira, jaialdiak jasangarritasunaren alde egiten duen apustuari eutsita.
Azkena Rock Festival jaialdiak badu Izarren pasealekua Gasteizen
Gaur, gainera, Izarren pasealekua inauguratuko dugu; jaialdiak hiriari egin nahi izan dion beste keinu bat da pasealeku hori, jaialdiaren parte den aldetik. Bi hamarkada hauetan jaialdiaren historia markatu duten talde garrantzitsuenei omenaldia egiten diegu pasealekuan, zalantzarik gabe, nazioarteko eta estatuko rockaren historian ezinbesteko izenak direlako; horien artean daude, besteak beste, kondairatzat hartzen diren Bob Dylan, Patti Smith, Kiss, Iggy & The Stooges, Alice Cooper, Ozzy Osbourne, Sex Pistols, Joan Jett, Deep Purple edo Blondie; edo punta-puntako talde garaikideak, hala nola Chris Isaak, Slash, Pearl Jam, Queens of the Stone Age; edo estatuko ikonoak: Loquillo, Soziedad Alkoholika, Los Enemigos edo Morgan.
75 izarrez osatutako pasealekua da, Posta kalean barrena doana Foru plazatik Andre Maria Zuriaren plaza kuttunera. Bertara hurbiltzen direnek artista horietako bakoitzari buruz orain arte ezagutarazi ez den bitxikeriaren bat edo jaialdian egon zireneko anekdotaren bat ezagutzeko aukera ere izango dute, izar bakoitzak duen QR kodearen bitartez.
Ekainaren 12an, asteartea, eguerdian zabalduko da pasealekua, eta igande gaueko 12ak arte bisitatu ahal izango da.
Aurten ere, babesle guztiei eskerrak eman nahi dizkie jaialdiak, emandako laguntzarengatik. Haien parte-hartzerik gabe, Azkena Rock Festival jaialdiaren edizio honetan ezin izango genituzkeen helburuak bete, garapenari eta hazkundeari dagokienez.
AZKENA ROCK FESTIVAL Mendizabala, Vitoria-Gasteiz 2022ko ekainak 16, 17 eta 18 Ekainak 16, osteguna 18:00 Ateak ireki GOD 18:15 DIRTY HONEY 20:05 HISS GOLDEN MESSENGER 22:25 THE OFFSPRING 00:55 THE TOY DOLLS RESPECT 19:10 MORGAN WADE 21:10 MORGAN 23:40 FU MANCHU TRASHVILLE 21:00 LORD DIABOLIK 23:00 MICKY Y LOS COLOSOS DEL RITMO 00:30 TEENAGE WEREWOLVES 02:00 ENEIDA FEVER! Ekainak 17, ostirala Andre Maria Zuriaren plaza 13:30 ALEXIS EVANS 17:00 Ateak ireki GOD 17:30 THE FAITHLESS 19:15 JERRY CANTRELL 21:50 AFGHAN WHIGS 00:40 SOCIAL DISTORTION RESPECT 18:20 SURFBORT 20:30 DRIVE-BY TRUCKERS 23:15 SOZIEDAD ALKOHOLIKA 02:05 LIFE OF AGONY LOVE 18:00 NUKORE 19:15 ADIA VICTORIA 20:45 MAD SIN 22:15 DELIRIUM TREMENS 01:50 ILEGALES TRASHVILLE Trashville A Go-Go! 18:45 LOVESICK DUO 21:15 NEGRA CUCARACHA TERRORFOLK 23:15 LA PERRA BLANCO 01:00 KILINGONZ 03:10 RUNAWAY LOVERS DJS 04:55 TITO RAMONE Rat Hole 02:15 WENDY PELAYO 04:15 ALEX DBDB Ekainak 18, larunbata Andre Maria Zuriaren plaza 13:30 KIM LENZ 17:00 Ateak ireki GOD 17:30 WICKED WIZZARD 19:15 ISRAEL NASH 21:35 PATTI SMITH 00:25 SUZI QUATRO RESPECT 18:20 DEWOLFF 20:20 EMMYLOU HARRIS 23:10 BLACK MOUNTAIN 01:45 MICHAEL MONROE LOVE 18:00 JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK 19:30 VULK 20:50 RYLEY WALKER 23:00 ROBYN HITHCOCK Y LOS DEL HUEVOS BAND 01:00 DANIEL ROMANO’S OUTFIT TRASHVILLE Trashville A Go-Go! 19:00 TIBURONA 21:45 MESSER CHUPS 00:00 OH! GUNQUIT 02:00 SUICIDE GENERATION 03:15 ESTRELLA ELECTRÓNICA 04:55 ZOMBIERELLA Rat Hole 02:15 ADRIÁN VS. SANTO 04:15 CHERIES DJs Bonua: 145€ Bonua + kanpina: 160€ Kanpina 4 gau: 15€ Eguneko sarrera: osteguna: 45€ eta ostirala eta larunbata: 65€ Salmenta: www.azkenarockfestival.com y www.seetickets.com/es #azkenarockfestival Burning since 2002 |