Oso Polita disko-etxea izango da ETBren gazteentzako telesail berriaren soinu-bandako abesti guztien hornitzailea 

Irabazi Arte telesaila telebistako fenomeno berria izango da Euskal Herriko gazteen artean. Telesaileko abesti nagusia, hau da, kapitulu bakoitzaren hasieran entzungo dugun Irabazi arte 2021. urteko berritzaileenetakoa izan den Chill Mafia kolektiboko kide Beñat (‘Kiliki Frexko’), Irene eta Suneok konposatu dute. Downtempo batean oinarrituta, track-aren letran telesailak ordezkatzen dituen balio guztiak laburbiltzen dira.

Abestia gaur estreinatuko da plataforma digital guztietan, telesailaren aurrerapen gisa. Telesailean emozio ugari izango omen dira, baita musikari dagokionez ere; izan ere, Oso Polita euskal disko-etxearen erreferentziak izango dira soinu-banda osatuko duten abesti guztiak. Oso Polita disko-etxeko Zetak, Chill Mafia, Bulego, Ezpalak, Bengo, Venturi, Omago, Plágaros, Hakima Flissi eta First Girl On The Moon artistak entzun ahal izango ditugu Irabazi Arte telesaileko futbol-taldeko neskekin batera, gizartean oraindik ere dauden eragozpenei nola aurre egiten dieten ikusiz otsailaren 11tik aurrera. Egun horretan estreinatuko da telesailaren lehen kapitulua Euskal Telebistan.

Go!azen telesail arrakastatsuaren arrastoari jarraikiz, ETBn datorren astean estreinatuko den fikzio berri hau ere ikus-entzule nerabeei zuzendutakoa da, eta emakumeen ahalduntzearen kontakizuna izango dugu ikusgai, kirolaren bitartez; izan ere, lehen mailan jarriko baitira hainbat balio, hala nola adiskidetasuna eta ahizpatasuna, baita nerabezaroan berezkoak diren erronkak ere, musikari garrantzi handia emanez gehigarri emozional moduan.

Partekatu