Hain eraginkorra izan den rock talde historikoak, abesti eta bideo-klip berria ditu. ORDAGO

Eskarmentu apur bat dugunok, denok, dakigu zer izan zen –orduan- eta zer izan den –aspaldi honetan- Delirium Tremens.

Delirium-ek, 2022an 35 urte beteko ditu. 35 urteko bizia du rock talde honek! Bi zatitan banatu dezakegun ibilbidea. Beraiek, disko eta eskenatokietan lau urtez -87/91- erakutsitakoa batetik, baina handik aurrera, eta denbora luzez, denon oroitzapenek osatu eta jantzi dutena ere bai. Hori dena da Delirium Tremens gaur egun. Izan ere, 35 urte hauek jarri dute Delirium orain dagoen lekuan. Herri honetako rock musikak eman dituen talderik garrantzitsuenen artean.

Mutrikuko rockaren bigarren labealdiko hirukote-laukotea. Zarrapo nafarrekin elkarbanatutako eta azalean hilerri bat zuen Hemen denak berdinak (87) diskoarekin hasi eta bi estudio lan oso Ikusi eta ikasi (89) eta Hiru aeroplano (90) eta Bilbo Zuzenenan 91-5-24 (91) jendaurrekoarekin errematatutako lehen kolpea. 

1991ko azaroaren 30ean eman zuen, garai hartako, azken kontzertua Venezian(Saturraran-Mutriku) eta orain, handik 30 urtera -30 urte biribil gaur!- hastera doan hirugarren aro hau, momentu historikotzat dugu. Delirium, ez bait dator aurretik egindakotik bizitzera. Lagun, lehenbizi, eta gero taldekide izan zuten Iñigo Muguruzaren (1964-2019) omenaldia prestatzerakoan konturatu ziren, garai bateko “delirioak” oraindik ere “tremendoak” zirela Andoni, Juantxo eta Patxirengan. Eta betiko abestiak eguneratzeaz gain, zain zeuden berriei ere lekua egin behar zitzaiela.

22ko udaberrian argitaratuko den album oso bat egin dugu. Gaur, ‘Ordago’ lehen abestia eta honen bideoklipa aurkeztera gatoz eta hau dena, taula gainera eramateko prest eta gogoz gaudela esatera
Gure lehen kontzertua, 2022ko Maiatzaren 28an izango da. BEC-en. Bai, ‘Ordago’ handira!!! Eta, 25 urte ospatzen ari den Des-Kontrol eta 10 urte bete dituen McOnak izango ditugu gurekin urteurren festa honetan. 25 +10 = 35

35 urte, eta oraindik ere, diagnostiko bera: Delirium Tremens sasoirik onenean!!! 

Partekatu