Ezpalak taldearen Zu izan plataforma digital garrantzitsuenetan dago jada

Ezpalak taldekoek norbera den bezalakoa izateko aldarrikapena egin dute Zu izan abestian, hurrengo hilabeteetan argitaratuko duten hirugarren diskoko bigarren aurrerapenean. Oso melodikoa da singlea, pop-rocketik gertukoa, baina taldeak berezkoa duen indarra galdu gabe. Ezarritako arauei jaramonik ez egitera animatzen gaituzte ezpalatarrek, “Zu izan!” lau haizetara oihukatuta.

Oraingoan ere, Eñaut Gaztañaga taldekideak egin ditu grabazioko eta ekoizpeneko lanak, artista handien ekoizle den aldetik, hala nola Izaro, Olatz Salvador edo Dupla. Indar handiko bideoklipa ere egin die Badator estudioak; bertan, elkarren artean oso bestelakoak diren pertsonen multzo bat agertzen da, eta ingurune industrial gris batean bide berari jarraitzen diote denek.

Ezpalak honako hauek osatzen dute: Juanjo Berasain (ahotsa), Eñaut Gaztañaga (gitarra), Unai Eizagirre (baxua) eta Janardana Iglesias (bateria). Euskal musika alternatiboaren erreferente bihurtu da taldea azken urteotan, eta komunikabide handiak ere jabetu dira horretaz, hala nola Mondo Sonoro aldizkaria edo Gaztea irratia, zuzenekoetan berebiziko potentzia erakusten baitute; horretaz gain, Los Conciertos de Radio 3 saioan aritu dira, baita Bilbao BBK Live jaialdian ere.

Partekatu