Kulturen arteko talka oso dibertigarria izan daiteke, eta horren adierazgarri dugu Goxua’n Salsa taldearen Guaguancó al chilindrón single berria, gaztelaniaz abesten duten lehen kanta. Erritmo habanar itsaskor bat oinarrian, metalezko haize-instrumentuak lagun, Kubaren eta Euskal Herriaren arteko desberdintasunak aipatzen dituen letra umoretsua du abestiak, eta umore-kutsu hori ikusten da, era berean, singlearekin batera kaleratu duten bideo animatuan. Hala ere, bizi zaren tokian bizi zarela, ez da erraza izango oinak mugitzeko tentazioari eustea erritmo hau entzun eta zu zeu ere “a mi kuadrilla no vas a entrar, a mi kuadrilla no entras” abesten hasten zarenean.

Beste herrialderen batera migratu duen orori gertatu izan dakioke lagun berriak bilatzen hasi eta erantzun hau jasotzea:  “a mi cuadrilla no entras”; edo, pote bat eskatzera joan eta zure herrian ohikoa den edari hori ez izatea tabernan. Goxua’n Salsa taldekoek umorez aipatzen dituzte horrelako egoerak, eta animaziozko bideoklip bat ere aurkeztu dute, non kubatar bat ikusten den, Iruñeko taberna batera iristen delarik. Singlearen izenburuan bi tokiei egiten zaie erreferentzia; izan ere, guaguancó saltsa kubatarreko erritmo bat baita, eta chilindrón, berriz, Nafarroako gastronomiako saltsa tipiko bat.

Guaguancó al chilindrón abestian tronpetak, tronboiak eta perkusioak entzun ditzakegu eta, taldearen aurreko bi abestietan ez bezala, oraingo honetan, ahots nagusia Danny Valencia da, orain arte taldeko korista izan dena. Abesti hau ere Aitzoaingo (Nafarroa) Erviti Estudioetan grabatu eta editatu dute.

Goxua’n Salsa taldeari buruz

Goxua´n Salsa taldea 2020ko urtarrilean sortu zen Iruñean, kulturen arteko lotura berriak bilatzeko eta saltsa eta musika latinoa euskaraz egiteko asmoz. Orkestra kolonbiar-nafarrak 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan New Yorken, Kolonbian eta Puerto Ricon egiten zen saltsa klasikoa interpretatzen du, baina letretan ukitu berritzaile bat emanez; izan ere, genero horretan orain arte sekula ez bezala, euskaraz abesten baitute.

LAST TOUR CONCERTS S.L. en el marco del Programa ICEX Next, ha contado con el apoyo de ICEX y con la cofinanciación del fondo europeo FEDER. La finalidad de este apoyo es contribuir al desarrollo internacional de la empresa y de su entorno.