Goxua’n Salsa talde kolonbiar-nafarrak bigarren saltsa-abestia kaleratu du Oso Polita etxearekin, Berri Txarrak talde nafarraren bertsioa. 

Goxua’n Salsa orkestrak Bueltatzen abestiaren saltsa-bertsioa egin du, Berri Txarrak euskal rock talde mitikoaren abesti ezagunenetako baten bertsioa, alegia. Desamodioari buruzko abestia aukeratu du taldeak, saltsa-doinuetan ohiko gaia den aldetik, eta jatorrizko bertsioan duen ukitu gogor, bizkor eta potentea eman dio, baina 70eko eta 80ko hamarkadako New York, Puerto Rico eta Kolonbiako saltsan inspiratutako estiloarekin.

Latinoamerikan ohikoa izaten da taldeek beste genero batzuetako abestien saltsa-bertsioak sortzea, eta Goxua’n Salsa taldeak ere beste horrenbeste egitea erabaki du, ohitura horri jarraikiz, euskal pop/rock abestiak hartuta. Lehenengo bertsio hau egiteko, Berri Txarrak talde ezagunaren klasiko bat hautatu dute.

Bueltatzen abestian, Claudia Rodriguezen ahotsarekin batera hiru ahotseko koro bat, pianoa, baxu elektrikoa, congak, tinbalak, bongó-a eta kanpaia, guiroa, marakak, 2 tronpeta eta 3 tronboi entzuten dira. Abestia Aizoaingo (Nafarroa) Erviti Estudioetan grabatu eta editatu dute eta, bide batez, bideoklipa ere grabatu dute.

Goxua´n Salsa taldea 2020ko urtarrilean sortu zen Iruñean, kulturen arteko lotura berriak bilatu eta saltsa eta musika latinoa euskaraz eginez. Orkestra kolonbiar-nafarrak 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan New Yorken, Kolonbian eta Puerto Ricon egiten zen saltsa klasikoa interpretatzen du, baina letretan ukitu berritzaile bat emanez; izan ere, genero horretan orain arte sekula ez bezala, euskaraz abesten baitute.

Partekatu