Lehen lan luzea aurkeztearekin batera, ‘2 esku 2 laban’ abestiaren bideoklipa ere estreinatu dute, Chill Mafiako Kiliki Frexkoren eta Suneoren kolaborazioarekin

Amodioa, gorrotoa, harrokeria, intimitatea eta zintzotasuna. Baina baita desamodioa, pasotismoa, antsietatea eta lasaitasuna ere. Dena sartzen da HOFE x 4:40 proiektuaren ‘AMODIOA lehenengo mixtapean. Elektronika izanik track guztiak josten dituen haria, abesti bakoitzean genero batekin uztartzen da, pop eta techno estiloekin hasi, edo trap eta new wave estiloekin bukatu. Elkarren artean naturalki lotuta, kontzeptu bat osatzen dute pieza horiek guztiek; hain zuzen ere, ezinegonak eta sortzeko gogoak mugiarazten duten belaunaldi baten ideiak, sentimenduak eta bizipenak adieraztearen kontzeptua. Giza emozioak arakatuz, HOFE ahotsean eta 4:40 ekoizpen-lanetan aritu dira ‘AMODIOA’ sortzeko, eta musika berritzailea konposatu dute herentzian jasotako soinuetatik abiatuta, jasotako musika hori orainaldira ekarriz, estilo propioa markatzen duten letra, melodia eta bisualak erabilita.

Zazpi abestietan barrena, mixtape honen soinu-bidaia ‘Joven lehendakari’ abestiarekin hasten da; aurrerapen singlea izanik, asmoen adierazpen peto-petoa izan zen, trap eta new wave erritmoetatik elektronikan erabat murgiltzera igarotzen baita. Gainera, abesti horretan Chill Mafia kolektiboko kide den Nimroyyy dj eta artistaren kolaborazioa izan zuten. Bigarren tracka Mzmz (Tek)’ da, aurrekoa baino technozaleagoa eta azukre-kotoi zaporea duena; izan ere, maitasun itsaskorrari buruzko abestia da, pertsona horrengatik urrundu nahi ez izateari eta 24/7 elkarrekin egoteko gogoari buruzkoa. Chill Mafiako Kiliki Frexkorekin eta Suneorekin batera dator ‘2 esku 2 laban’, mixtapean dagoen nahasketa indie-poperoena; abestiaren filma estreinatu berri dute eta, bertan, interpreteak borroka (ia) hilgarrian agertzen dira, kolpe bakoitzarekin arerioa ez ezik, entzulea ere KO uzteko moduzko errimak botaz.

Hurrengo abestia ‘4 me’ da, hirukoaren kide den Ele V-ri egindako omenaldia; horretarako, Ele V-ren abesti bat hartu eta HOFE x 4:40 soinua eman diote, elkarren arteko adiskidetasuna ospatuz. ‘Si no te lo kiero decir’ track instrumentalean Chill Mafiako Suneok ere parte hartzen du, eta indar bizia izateaz gain, mendekotasun-sortzaile ere bada post-punketik trance-ra doan abesti hau, zeinaren bitartez artistek bi milagarren hamarkadako festetara itzularaziko zaituzten, haien beldurrez, norbaiten hutsunea sentitzeaz eta desamodioaz hitz eginez. Elektronika biziagoarekin dator ‘Kurosawa’, pelikula bat izan zitekeen bideoklip eta guzti; mixtapea ixteko, ‘Handia’ under balada aurkituko dugu, duela hilabete eskas estreinatutako abestia, giza esperientzietan barrena nabigatzean galtzeaz eta nork bere burua aurkitzeaz mintzo dena.

Horrela, bada, askotariko eragin, erreferentzia eta generoak biltzen dira ‘AMODIOA’ lanean, elektronikak loturik, HOFE x 4:40 hirukoaren bereizgarri diren soinu eta irudi bisual berritzaile eta originalak osatuz. Nabarmena da kideen bagajea kulturaren, zinemaren, estetikaren eta mundu bisualaren arloetan; izan ere, mixtapearen letrak paperetik haratago doaz, eguneroko sentimenduetan aztarrika eginez arte bihurtzeko, elektronikaren mugak gainditzen dituzten instrumentalekin eta artista hauek berezkoak dituzten jarrera eta atrebentziarekin.

HURRENGO KONTZERTUAK 2022/04/08 – SALA RAZZ2 – BARCELONA. Sarrerak erosi 2022/04/13 –  DABADABA – DONOSTIA. Sarrerak erosi
Partekatu