Last Tourren helburua erakunde jasangarri eta independente handi bat izatea da, gizartearen ongizaterako eta garapenerako lagungarri izango diren kultura- eta gizarte-ekimenak sortu, eraiki eta garatzeko 

Aitorpen hori jasotzen dute ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloko konpromisoan lider diren konpainiek, ebaluazio- eta egiaztapen-prozesu zorrotza gainditu ostean 

Horrela, bada, Europan erreferente den B Corp musika-sustatzailea da Last Tour.

Last Tour konpainia B Corp enpresa bihurtu berri da, goi-mailako estandarrak betetzen dituelako gizarte- eta ingurumen-arloko jarduerari, gardentasunari eta enpresa-erantzukizunari dagokienez. Horrela, bada, B Corp komunitateari atxiki zaio, eta ekonomia inklusibo, ekitatibo eta leheneratzailea lortzearen aldeko mugimendu global baten buru diren enpresen multzoan sartu da; enpresa horiei esker ekonomia globala eraldatzen ari da, pertsona guztien eta planetaren mesedetan. 

Bi urteko azterketa- eta ebaluazio-prozesu zorrotz baten ondoren lortu da errekonozimendua, eta B Corp tresnarekin ebaluatzen diren enpresen % 4k baino ez du gainditzen prozesu hori. Estandarra gainditzeko gakoak izan dira, besteak beste, honako hauek: jaialdietan ingurumen-inpaktua murrizteko egindako jarduerak, hondakin gutxiago sortzeko eta birziklatzeko sistema zorrotz baten bitartez; mugikortasun jasangarria sustatzea, eta sexu-erasoen aurkako eta genero-berdintasunaren aldeko prebentzio- eta sentsibilizazio-programak. Last Tour etxearen bereizgarriak dira, halaber, tokiko lantaldeak kontratatzea eta gizartean eta kulturan ahalik eta inpaktu handiena izatea, doako kontzertuen bitartez; ezaugarri horiei guztiei esker, Last Tour nazioko eta nazioarteko erreferente da muturreko lankidetza-aukerak bilatzen eta, horretarako, enpresak, erakundeak, unibertsitateak eta herritarrak konektatzen ditu, nazioartean eragina duten proiektu kolektiboak sortuta. Komunitateari egiten dion ekarpena positiboki baloratu da, eta hainbat alderdi nabarmendu dira, hala nola enpresaren konpromiso zibikoa eta jaialdietatik egiten diren dohaintzak migratzaileei laguntzeko proiektuetarako, eremuak basoberritzeko edo Elikagaien Bankurako; pandemia garaian zuzeneko musikaren arloko langileen sektoreari laguntzeko egindako ekimenak, eta Bilbo hirian duen eragin ekonomikoa.   

Last Tourren helburua erakunde jasangarri eta independente handi bat izatea da, gizartearen ongizaterako eta garapenerako lagungarri izango diren kultura- eta gizarte-ekimenak sortu, eraiki eta garatzen dituena.

B Corp enpresa baten balioak eta printzipio etikoak agerian geratzen dira Last Tourren negozio-unitate eta bulego guztietan; gaur egun, Espainian, Portugalen eta Kolonbian du presentzia konpainiak, eta horizontaltasuna, lankidetza, malgutasuna, inklusioa eta parekidetasuna ditu antolaketaren oinarri. B Corp enpresa izateko prozesuari esker, Last Tourreko negozio-unitate eta sail guztiek bat egin dute 2030 Agendarekin, Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin eta Nazio Batuen Global Compact itunarekin. 

Alfonso Santiago Last Tourreko zuzendari nagusiak nabarmendu du konpainiaren xedea “kulturaren eta gizartearen aktibatzaile izatea dela, sormena eta berrikuntza izanik oinarri, kulturaren garapenean eta guk lortu nahi dugun gizartea sortzeko baterako lanean laguntzearren”, eta “guretzat erantzukizun handia dela kultura- eta sormen-industrien sektorean erreferentziako B Corp konpainia izatea, azken 20 urteotan egin dugun lanaren errekonozimendua izanik”. Aipatu du, era berean, “gure konpromisoaren estandarrei goi-mailan eustera bultzatzen gaituela horrek, eta gizartea aldatzeko gure helburua etengabe berrikustera, gure negozio-eredua ekonomikoki bideragarria izan dadin eta presente gauden lurraldeetan modu proaktiboan eta arduratsuan erantzunez”.

Last Tour, beraz, Europan erreferentziako B Corp musika-sustatzaile bihurtu da; izan ere, enpresa-taldearen zuzendaritzak eta kudeaketa-taldeak ingurumenaren eta gizartearen aldeko jardunarekin konpromiso argia eta zehatza hartu baitu, taldeko enpresen estatutuetan beste klausula bat txertatuta.  

Zer da B Corp?

B Corp pertsonen mugimendu globala da, eta enpresen indarra baliatzen du XXI. mendeko arazo sozialak eta ingurumen-arazoak konpontzeko. Helburu ekonomikoak baino ez dituzten enpresek ez bezala, B Corp enpresek goi-mailako estandar egiaztatuak betetzen dituzte gizartearen eta ingurumenaren aldeko jardunari, gardentasun publikoari eta lege-erantzukizunari dagokienez; mundu osoan 6.000 enpresa baino gehiago dira. Konpainia horiek ekonomia eraldatzen ari dira, eta enpresa-arrakastaren definizioa berrikustea lortu dute: arrakasta pertsonen, komunitateen eta planetaren ongizatearen arabera neurtzen da; horri esker, konpainia guztiak munduko onenak izateko ez ezik, mundurako ere onenak izateko arituko dira lehian. Espainian 200 baino gehiago dira B Corps konpainiak. Besteak beste, elikagaien sektorean (Danone edo Veritas), modaren sektorean (Ecoalf, Camper edo Patagonia), bankaren sektorean (Triodos Bank) edo energiaren sektorean (Hola Luz).  

Partekatu