Bulego euskal pop taldeak beste norabide bat eman dio bere ibilbideari single berri honekin

Denok urratzen ditugu arauak noiz edo noiz; eta zer!? Bulego taldeak galdera hori egiten digu  Suzko Erroberak abesti berrian; izan ere, askotan, bide “zuzenetik” atera izanagatik besteak kritikatzen ditugula eta geure burua zalantzan jartzen dugula hausnartzen baitu euskal pop taldeak. Abesti berri honetan pop-instrumentu klasikoak eta sintetizadoreen melodiak uztartzen dira galdera horiei guztiei erantzuteko; egokia den hori alde batera utzi eta, jendeak zer esan edo zer pentsatuko duen kontuan izan gabe, geure buruari benetan garen bezalakoak izateko baimena ematen diogun adrenalina-une hori adierazten du.

Bulegok publikoa konkistatu du azken urtean Erdian Oraina lehen diskoarekin, eta estetika minimalistaz agertu izan dira beti, traje eta guzti, bideoklipetan eta zuzeneko emanaldietan. Orain, ordea, etapa hori atzean utzi eta, sare sozialetan trajea sinbolikoki erre ostean, bide berri bati ekin diote, musikaren aldetik arrisku gehiago hartuta. Bárbara Fernándezek zuzendutako Suzko Erroberak bideoklipean abestiaren gaia irudikatzen da: Bulego taldeko frontman Tomas Lizarazu agertzen da, look askoz ere ausartago eta modernoagoa duela, eta istorioaren amaieran plot twist bat gertatzen da, talde honek oraindik ere eskaintzeko duen guztiaren aurrerapen modura.

Bulegoa, arrakasta-zifrak

Gipuzkoarrek hainbat aldiz lortu dute Gaztea irratiko zerrendan 1. postura iristea, eta 35.000 entzunaldi baino gehiago metatzen dituzte hilean Spotify plataforman. Maren abeslariarekin batera kaleratu zuten Ezer Ez Da Berdina azken abestiarekin 280.000 erreprodukzio baino gehiago lortu dituzte YouTuben eta 250.000 Spotifyn. Gainera, bira arrakastatsu bat amaitu berri du Bulego taldeak, eta Bilbon, Donostian, Madrilen eta Bartzelonan, besteak beste, aritu dira.

Badator uda, jaialdien sasoia; hori horrela izanik, hainbat jaialditako zerrendetan irakur dezakegu Bulego taldearen izena, hala nola Bilbao BBK Live, Sonorama Ribera, EHZ Festibala, Ezcafest eta Donostia Festibala jaialdietan.

Partekatu