Otsailaren 3an izango da, Bilbao BBK Live jaialditik igaro baino lehen, eta sarrerak salgai daude jada

Verde Prato musikariak jendea hunkitzen asmatu du aurreneko diskoarekin, eta euskal folklorea abangoardiara eta XXI. mendera ekartzea lortu du, betiere euskal ahozko tradizioarekiko erabateko begirunetik eta tradizio horren muinari eutsita. Belaunaldi berri baten adierazgarri da; hain zuzen ere, tradizioa berreskuratu eta tradizio horren sustraiak musika garaikidearekin konektatzeko gai den belaunaldi berriarena. Horrela, bada, artista gazte honek Kondaira eder hura diskoa aurkeztuko du, zuzenean, uztailean Bilbao BBK Live jaialdian aritu aurretik. Eta otsailaren 3an 20:00etan egingo du, BBK Salan, eta sarrerak salgai daude jada; edertasunarekin huts egin ezinezko hitzordua izango da. Herri-kantuen antzera, ahotsaren itxurazko soiltasunak istorio bat biltzen duen unibertso batera eramaten gaitu: sorterritik alde egin duen mutiko baten istorioa kontatzen digu Verde Pratok, baina abesti bakoitzean pertsonaia desberdin baten ikuspegitik begiratuta, batzuetan euskaraz, besteetan gaztelaniaz. Edertasuna darie letrei, baina, batik bat, Ana Arsuagaren ahotsak eta bere ahoskatzeko moduak hartzen dute indarra, silabak arrastaka eramanez, teklatuarekin eta looper-arekin sortutako paisaia elektroniko eta pop leunetan bildurik. Apirilean argitaratu zen diskoa, Jon Agirrezabalaga (WAS) izanik ekoizle. Ana Arsuagaren bakarkako musika-proiektua da Verde Prato; Arsuaga diziplina anitzeko artista da, musikaren eta pinturaren munduak uztartzen ditu eta, orain, hirugarren abenturari ekin dio, Mazmorra eta Serpiente taldeekin aritu ostean.  Bruma musikari eta ekoizle madrildarrak emango dio hasiera emanaldiari; artista gonbidatuak musika elektroniko melodikoa egiten du –Nicolas Jaar edo Jon Hopkins-en eragina sumatzen zaio–, eta paisaia emozionalak sortu nahi ditu musika horrekin, instrumentazio elektronikoa eta testura organikoak erabilita.  Kontzertua ‘Beste bat berritzen’ dinamizazio-programaren barruan sartzen da; Eusko Jaurlaritzak arte biziak indarberritzeko asmoz abiarazi du programa hori, eta BBK Sala bertan sartuta dago. Kontzertua indarreko arauen arabera eta COVID-19aren aurkako prebentzioko neurri guztiak hartuta ospatko da, kultura segurua izan dadin.  

VERDE PRATO
Kondaira eder hura diskoa aurkezteko kontzertua

BILBO, BBK Sala
2022ko otsailaren 3a, osteguna, 20:00
Sarrerak salgai, hemen: salabbk.bbk.eus
Prezioa: 12€