Flaca, Daniel Avery edo Dekmantel Soundsystem DJak, besteak beste, arituko dira Bizkaiko hiru gune enblematikoak musikaz betetzen

Mila gradutan hasten da burdina urtzen; burdina: Bizkaiko iragan industriala osatu zuten milaka lagunen ametsak eratzeko lehengaia, herrialdearen etorkizuna eta paisaia eraldatu zuena gaur egun den bezalakoa egiteraino. 1000 gradutan saioei esker, Enkarterriko, Meatzaldeko eta Ezkerraldeko meatze-paisaia ikusgarri eta enblematikoak eta industria-ondarea musikaz beteko dira maiatzaren 5ean, 6an eta 7an. Aire zabalean izango dira emanaldi guztiak, eta jendeak doan sartu ahal izango du, edukiera bete arte.

Antolatzaileek autobus lantzadera zerbitzua eskainiko dute, prezio sinboliko baten truke, larunbateko eta igandeko ekitaldietara iritsi ahal izateko; ostiralean, berriz, garraio publikoa erabil daiteke. 1000 gradutan saioak esperientzia biribila izango dira, gastronomiak ere izango baitu tartea: edari-barra eta foodtruck-ak egongo dira.

Cartel 1000 Gradutan 2023

Maiatzak 5

Musika urbano eta elektronikoaren panoraman erreferentea den Flaca DJk giroa gori-gori jarriko du maiatzaren 5ean, Sestaoko Labe Garaian, hau da, Bilboko itsasadarreko paisaian dagoen elementu esanguratsuenetako batean eta Bizkaiko Labe Garaiek utzi zuten ondare garrantzitsuenean. Flacaren set-etan cumbia, guaracha, reggaeton, rap eta soinu hibridoak uztartzen dira dantza-erritual bortitz eta bizi batean.

Lehenengo eguna Nexo Malitok antolatu du, eta HI-KI eta La Diablaren B2B saioak ere izango ditugu, UK soinuetatik perkusio tribaletara bidaiatuz. Euskadiko underground eszenan DJ garrantzitsua da Alta, eta Puñales, berriz, bilbotar DJ bat; biek ala biek dancehall-etik dembow-ra, funk favela-tik kuduro-ra eta grim-etik gqom-era eramango gaituzte.

Maiatzak 6

Maiatzaren 6an, Enkarterriko Dolomitas museoan izango dira emanaldiak. Dolomita lantegi zaharra museoa da gaur egun, eta denboran atzera egiteko aukera ematen digu, lantegiak Bizkaiko industrian berebiziko garrantzia zuen garaira. Daniel Avery izango da bigarren egun honetako izarra; techno musikako DJ fidagarri eta zirraragarri horrek zeresan handia eragin du DJ-Kicks eta FABRICLIVE serieetan, eta BBC Radio 1 Essential Mixes pare bat saio ere egin ditu.

Haren ondoan izango da Bartzelonako club eszenako figura nabarmenetako bat: ISAbella; house, techno eta trance estiloak nahastuz, mundu osoan ezagunak diren Glastonbury edo Primavera Sound jaialdietan aritu izan da. El_Txef_A ezizenaren atzean Aitor Etxebarria musikari eta konpositorea ezkutatzen da; hainbat artistarekin egin izan ditu kolaborazioak, hala nola The Black Madonna eta Sebastian Mullaert. Celia Carrera DJ bizkaitarra Bilbon bizi da eta, prestatzen dituen set-en bitartez, ikus-entzuleak bere energia positiboz kutsatzea lortu nahi izaten du, hardhouse eta hardtechno soinu gozo bezain ilunekin.

Maiatzak 7

1000 gradutako azken eguna maiatzaren 7a izango da, Trapagaraneko Zugaztietan. Berdegunez, lakuz eta aisialdirako gunez inguratutako zuhaizti hori Europan hobekien kontserbatutako meatzari-herrixketako bat da. Meatzaritzarekin lotutako gune horren iragan interesgarria arakatzeko aukera bikaina izan daiteke, Labe Garaietarako lehengaia tonaka ematen zuten aire zabaleko antzinako meategi horien aztarnen tartetik paseoan.

Dekmantel Soundsystem ezusteko erakargarriz eta groovy gemaz betetako dj-set batekin etorriko zaigu, musika elektronikoaren 360 graduko eta gustu oneko ikuspegia eskaintzeko asmoz; horri guztiari esker, Herbehereak gero hobeto kokatuta daude, azken urteotan, musikaren mapan. Elena Colombi DJ eta irrati-esatariaren kasuan, bere set-ak inspirazioz gainezka daude, irekiak eta ikusgarriak diren aldetik; eta, gainera, entzuleen eta dantzarien emozioekin jolas egin nahi izaten du, intentsitatearen, tonuaren, argitasunaren eta iluntasunaren gorabeherekin. Aurreko horietaz gain, Alicia Carrera eta Katza artista multidiziplinarrak ere izango ditugu, erritmo eta soinu berriak etengabe arakatzen.

1000 gradutan saioetan, musika garaikideenaz gozatzeko aukera izango dugu, kokagune esanguratsuetan; ondare historikoan garrantzia dutelako hautatu ditugu toki horiek, orain arte izan dugun ikusmoldea gainditu eta duten erakargarritasun turistiko eta kulturala berritu eta indartzearren. Publikoak Enkarterriko magian murgiltzeko aukera izango du; izan ere, Bizkaiko eskualde berezienetako bat da, eta itsasoak eta mendiak bat egiten dute bertan, ikuspegi panoramiko zoragarriak eskainita. Bestalde, Meatzaldea eta Ezkerraldea ere eskualde industrialak izan dira tradizionalki, baina xarma berezia dute, Euskadiko txoko ezkutuenak ezagutzearekin batera, meatzaritzarekin eta industriarekin lotutako iraganaren historiaren berri ematen baitigute.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Enkarturrek antolatu dituzte 1000 gradutan saioak, Last Tour konpainiaren eta Dantz jaialdiaren laguntzarekin; abangoardiako musika eta musika elektronikoa izanik ardatz, Bizkaiko meatze-paisaia ikusgarri eta enblematikoenei eta industria-ondareari balio ematea da proiektuaren xedea, ikus-entzuleentzako saioak antolatuta.

1000 Gradutan

Ostirala maiatzak 5

Labe Garaia, Sestao

NEXO MALITOS ANTOLATUTAKO EGUNA: 

FLACA

HI-KI b2b LA DIABLA

ALTA

PUÑALES

Larunbata maiatzak 6

Dolomitas Museoa, Karrantza

DANIEL AVERY

ISAbella

EL TXEF_A

CELIA CARRERA

Igandea maiatzak 7

Zugaztietako lakuak, Trapagaran

DEKMANTEL SOUNDSYSTEM

ELENA COLOMBI

ALICIA CARRERA

KATZA

Sarrera doan, edukiera bete arte.

Autobus lantzaderak Bilbotik (larunbatean eta igandean)

Partekatu