Plataforma digital garrantzitsuenetan dago jada

Airu taldeak Es todo un encierro aurkeztu du; koarentenaren garaira itzultzen da singlea, isolamenduak eragiten duen estutasunaren gaineko gogoeta eginez, eta estualdi hori gainerako guztira estrapolatzen du, edonon berdina izango dela sentitzean, hutsaren sentsazioa eta ezer egin ezin izatearen ideia sentitzean.

Umoreak ere badu tokia gogoeta sakon horretan, singlearekin batera kaleratu duten bideoklipean ikus daitekeenez; Airuko kideek zuzendu dute bideoklipa, eta sekuentzia planoan grabatu dute, 2020an etxetik atera gabe eman genituen ordu horiek guztiak gogoraraziz. Taldeko kideak agertzen dira irudietan, etxeko eguneroko lanak egiten zelai baten erdian, itxialdi hori eta toki batean fisikoki nahiz mentalki harrapatuta egote hori sinbolizatzen.

Es todo un encierro singlearen ekoizpen-lanak Jon Agirrezabalagak egin ditu; gitarrak, baxua, sintetizadorea eta bateria uztartu ditu, post punk eta indie rock estiloak nahastuz, eta Bilboko El Tigre estudioetan grabatu dute, berriro ere. Airuren lehen LParen bigarren aurrerapena da abesti hau.

Sentimentalismoa, buruan iltzatzen diren melodiak eta ahots sakon bat dira Airu bilbotar taldearen hiru zutabe nagusiak. 2018. urtean sortu zen Airu, eta musika alternatiboaren erreferente izatea lortu du Estatu osoan; besteak beste, Mondo Sonoro, Neo2 edo Movistar+ komunikabideetan agertu izan da. Taldekideetako bat Keychange artista hautatua izan zen 2022. urtean; orain, hiruko euskaldunak Oso Polita diskoetxe bilbotarrarekin egin du bat, eta lehen LPa etxe horrekin kaleratuko dute.

Partekatu