CD formatuan eskuratu ahal izango da 2022ko Durangoko Azokan, esklusiban

Bi urteko ibilbidea darama Bulego taldeak –eta horietako bat pandemiaren urtea izan zen, gainera–, baina gauza oso handiak lortu dituzte hain denbora laburrean, hala nola Bilboko Kafe Antzokia betetzea lortu dute, Estatu osoan barrena bira bat egin, Bilboko Aste Nagusian eta Bilbao BBK Live, Sonorama Ribera, EHZ, Ezcafest eta Donostia Festibala jaialdietan jo dute, Erdian oraina lehen diskoa argitaratu dute zaleen eta kritikarien gozamenerako, Gaztea irratiko zerrendaren 1. postura hainbatetan iritsi dira, Irulegiko esku azken singlea biral bihurtu da… Azken batean, amets bat bizitzen ari dira.

Bulego, Gure Bizitzako Lehen Bira

Urte bikain hau ezin hobeki amaitze aldera, Azkoitiko taldeak bere lehen biraren esperientzia 12. jokalariarekin partekatu nahi du, hau da, ikus-entzuleekin; horretarako, taldeak jaso duen babes guztia itzultzeko asmoz, zuzeneko disko bat kaleratuko dute, biran bizi izandako une zoragarriak 18 abestitan laburbilduta: esate baterako, Bueltan da!!!, birako diskoaren single nagusia, edo Malutak kantuaren bertsio emozionalagoa. Argitalpen fisikoarekin batera, liburuxka bat ere argitaratuko dute; David Mendizabal eta Bárbara Fernándezen argazkiak eta taldekideen testuak bildu dituzte 48 orrialdetan, biraren berri lehen pertsonan emanez. Gure bizitzako lehen bira izena jarri diote albumari, eta CD formatuan jarriko dute salgai, esklusiban, Durangoko Azokan, euskal musikaren plaza garrantzitsuenean, Bulego taldeak jarriko duen postuan; izan ere, betiko formatura itzuliko baita azoka aurten, aurreko bi urteetan COVID-19aren eraginez izandako murrizketen ondoren.

Diskoaren aurrerapen gisa, azaroaren 6tik gaur arte, astean behin, Bárbara Fernández errealizatzaileak zuzendutako dokumental baten atalak argitaratu ditu taldeak bere sare sozialetan. Bosgarren eta azken atala aste honetan emango dute ezagutzera, CDa erosten dutenentzat esklusiban; izan ere, CDaren barruan QR kode bat egongo baita atala ikusi ahal izateko; dena den, abenduaren 12tik aurrera zabalduko dute Bulegoren Instagram eta Youtube kanaletan. Dokumentalean, taldekideek barru-barruko sentipenak azaleratu dituzte, eta kontzertuetan ikusleekiko zuzeneko harremanean bizi izandako emozioen berri emango digute, urduritasunen, bizipenen, arazoen berri, taldearen sormen-prozesuaren berri, musika sentimenduak adierazteko bidetzat hartzearen gaineko hausnarketen berri. Horrela, bada, dokumentala eta diskoa ikus-entzuleei egindako omenaldia dira eta, horretaz gain, bira barrutik ikusteko aukera eskaintzen digute, taldekideak –urte luzez beste talde batzuetan jotzen aritu ostean– beren ametsa gauzatzen hasten diren une hori bizitzeko aukera. Entzungailuak piztu eta Bulegoren kontzertu bat barru-barrutik bizitzeko unea da.

Partekatu