Jaialdiak sortzeko eta antolatzeko lanetan enpresak egin duen bidearen errekonozimendua da saria.

Last Tour konpainiak antolatutako jaialdiek publikoaren errekonozimendua jaso zuten: beste 6 sari ere eskuratu zituzten. Bilbao BBK Live jaialdiak Formatu handiko jaialdi onenaren saria eskuratu zuen; Cala Mijas eta MEO Kalorama jaialdien kasuan, Jaialdi berri onenaren saria ez ezik, Espainiako eta Portugaleko Zuzeneko emanaldirik onenaren anfitrioi izan zirelako ere saritu zituzten, Arctic Monkeys eta Nick Cave & The Bad Seeds artisten kontzertuengatik, hurrenez hurren; BIMEri dagokionez, Ekitaldi profesional onenaren saria jaso zuen.

Last Tour konpainiak Excellence Award saria jaso du Iberian Festival Awards sariketa ospetsuan, enpresak zuzeneko musika-jaialdien sorreraren eta antolaketaren eremuan egin duen bideari esker; sariketako epaimahaikideek ematen dute sari hori.

Iberian Festival Awards sariketaren zazpigarren edizioa izan da aurreko asteburuan, Portoko Grande Auditório do Fórum da Maia aretoan, eta epaimahaikideei eta publikoaren botoei esker, 2022ko urtarriletik abendura bitarte iberiar penintsulan izan diren jaialdien ekarpenak eta lorpenak saritu zituzten. Guztira zazpi sari jaso zituzten Last Tour konpainiak eta haren jaialdiek.

Publikoaren botoa erabakigarria izan zen Last Tourren jaialdiek gainerako sariak jasotzeko. Formatu handiko jaialdi onena saria Bilbao BBK Live jaialdiak eskuratu zuen, gaur egun, iberiar penintsulako eta Europa osoko erreferentziako jaialdia den aldetik, nazioan eta nazioartean punta-puntakoak diren artistak ekartzen dituelako eta 12 agertoki ere biltzen dituen natura-ingurune pribilegiatu batean kokatzen delako.

Iaz, Last Tour konpainiak bi jaialdi berri sortu zituen: Cala Mijas, uda ezin hobeki amaitzeko 3 eguneko jaialdia, Costa del Sol-en, hondartza, eguzkia eta itsasoa izanik nagusi; eta MEO Kalorama, Portugalen antolatzen duen lehen jaialdia, zehazki, Lisboako Parque da Bela Vista parkean, eta arrakasta itzela izan zuen. Bi ekitaldi horiek Espainiako eta Portugaleko Jaialdi berri onenaren saria eskuratu dute, hurrenez hurren, publikoak ematen duen saria izanik. Gainera, 2022. urteko Zuzeneko emanaldirik onena ere bi jaialdi horietan izan zen, bertaratutako ikus-entzuleen botoaren arabera; Arctic Monkeys taldeak Cala Mijas jaialdian eta Nick Cave & The Bad Seeds taldeak MEO Kalorama jaialdian eskainitako kontzertuak izan ziren sarituak.

Bestalde, Espainiako Ekitaldi profesional onenaren saria BIMEk irabazi zuen. Musika-industriaren nazioarteko topagunea da BIME, ezinbestekoa musikaren arloko profesionalentzat eta zaleentzat. Europan eta Amerikan dituenez egoitzak, bi kontinenteen arteko lankidetzarako eta nazioartekotzerako zubi-lanak ere egiten ditu.

Iberian Festival Awards 2023 sariak, Last Tour

Iberian Festival Awards 2023-ko irabazleen zerrenda:

  • Bikaintasunaren saria – Last Tour (Erakundea)
  • Formatu handiko jaialdi onena – Bilbao BBK Live (ES)
  • Jaialdi berri onena: Cala Mijas (ES)
  • Jaialdi berri onena: MEO Kalorama (PT)
  • Ekitaldi profesional onena: BIME (ES)
  • Zuzeneko emanaldi onena: Arctic Monkeys – Cala Mijas jaialdian (ES)
  • Zuzeneko emanaldi onena: Nick Cave & The Bad Seeds – MEO Kalorama jaialdian (PT)

Last Tour gara

Last Tour erakunde jasangarri eta independente bat da, gizartearen ongizaterako eta garapenerako lagungarri izango diren kultura- eta gizarte-ekimenak sortu, eraiki eta garatzea duena xede. 2022. urteaz geroztik B Corp komunitateko kide izaki, ekonomia inklusibo, ekitatibo eta leheneratzailea lortzearen aldeko mugimendu global baten buru diren enpresen multzoan sartu da; enpresa horiei esker ekonomia globala eraldatzen ari da, pertsona guztien eta planetaren mesedetan.

Talentua sustatzen dugu gure diskoetxeetatik: Oso Polita eta Yuukii Music kultura-intereseko ondasunak sortzen ditugu, hala nola Bilbao BBK Live, Azkena Rock Festival, Cala Mijas edo MEO Kalorama jaialdiak; Kultur eta Sormen Industriei buruz dakigun guztia sektorearen zerbitzura jartzen dugu, eta BIME nazioarteko topagunearen bitartez zabaltzen dugu. Kulturarekin lotura duten proiektuak sortzen eta bultzatzen ditugu, hala nola Liburuak argitaletxea, baita Wizink Center, Zentral eta La Ribera kontzertu-aretoak eta Bilboko Lasai jatetxea ere.

Last Tour konpainiak Espainian, Portugalen eta Amerikan jarduten du, Bartzelona, Bilbo, Bogotá, Lisboa, Madril eta Iruñeko bulegoen bitartez.

Partekatu