Landa Kedada Handia irailaren 23tik 25era bitarte egingo da Arabako Kuartango bailaran, eta, ekitaldi nagusi gisa, Coque Mallaren akustiko berezia, Rodrigo Cuevas aktibista folklorikoaren hitzaldia eta Jordi Évole komunikatzaileari egindako elkarrizketa aipa ditzakegu.

Topaketa hiru jardunaldi tematikoren inguruan antolatu da, eta kontzertuak, hitzaldi inspiratzaileak, mahai inguruak, tailerrak, antzerkiak eta beste jarduera asko egingo dira.   

Topaketa berdingabe eta bizi bat datorkigu ate joka, Espainiako kultur zirkuituan sartzeko prest. Landa Kedada Handia da: hiru jardunaldi irailaren 23tik 25era Arabako Zuatzu Kuartango kontzejuan, ikasteko eta inspiratzeko, arteetarako eta aisialdirako, eta berrikuntzarako eta tradizioetarako tartearekin. BIKO kooperatibak eta Last Tourrek antolatuta, demografiaren erronkari aurre egiten diharduten zenbait erreferente profesional jardungo dira topaketa honetan, eta, protagonista nagusi gisa, Coque Malla, Jordi Évole edo Rodrigo Cuevas aktibista folklorikoa aipa ditzakegu.

Landa Kedada Handia musika jaialdi bat eta biltzar arrunt bat baino askoz gehiago izateko jaio da. Sustatzaileek azaldu dutenez, “urtero landatartasun berria partekatzeko eta aldarrikatzeko erreferentziazko gune izan dadin nahi dugu”. Balio erantsi hori lortzeko, ekitaldiak hiru jardunaldi tematiko izango ditu ardatz: Talentuarena, Kulturarena eta Tradizioarena. Gainera, neurriak hartuko dira ekitaldia karbono aldetik neutroa eta jasangarria izan dadin eremu guztietan; izan ere, “trantsizio berde eta sozial bat behar dugu, landa eremuari oparotasuna, bizia eta etorkizuna emateko”.

Landa Kedada Handia, Irailak 23, 24 eta 25 Kuartangon

Talentua, Kultura eta Tradizioa, hiru egunez

Topaketako jardunaldi bakoitza gai jakin batean espezializatuko da:

TALENTUA

Talentuaren jardunaldia irailaren 23an izango da, ostirala, 10:00etatik 21:00etara, eta ia hogei jarduera antolatu dira egun horretarako: mahai inguruak, hitzaldi inspiratzaileak eta topaketa profesionalak, bereziki landa eremuarekin konprometitutako erakundeentzat eta pertsonentzat. Besteak beste, Paco Boya Erronka Demografikorako idazkari nagusiak eta Espainia osoko ekintzaileek parte hartuko dute, eta hainbat gai jorratuko dira, hala nola bizitegi eredu berriak, emakumea eta landatartasuna, tokiko ekosistemen sorrera, GJHen aplikazioa eta energia berriak. Jordi Évolek emango dio amaiera jardunaldiari, oraingo honetan elkarrizketatu gisa, solasaldi oso pertsonal batean; bertan, landa eremuarekin zer lotura duen jakingo dugu.

KULTURA

Kulturaren jardunaldia irailaren 24an izango da, larunbata, 10:00etatik 01:00etara. Egun horretan, hirien eta herrien arteko zubiak eraiki nahi dira, artista nazional ospetsuen trakzio indarrari esker. Egunean zehar, chill out literario bat, hitzaldi inspiratzaileak, jolasak, paseo botanikoak eta bestelako jarduerak egingo dira naturarekin kontaktuan, eta, arratsaldean, Landa Kedada Handia irakiten jarriko da. Egitarauan honako hauek egongo dira: Los niños Jesús, Jordi Évole mikrofonoan dutela; La Benéfica proiektu bereziaren aurkezpena, Rodrigo Cuevas artista multidisziplinarraren eskutik; eta Coque Mallaren kontzertu akustiko berezia, “El Viaje del Astronauta Gigante” biraren baitan. Bertako La Pulga Flamenco eta Moonshine Wagon taldeak ere igoko dira oholtzara.

TRADIZIOA

Irailaren 25ean, igandea, Tradizioaren jardunaldia egingo da, 10:00etatik 15:00etara eta 18:30etik 20:00etara. Vurroren musika emanaldia, antzezlanak, hitzaldiak eta bertako produktuen azoka egingo dira, herrien sustraiak “ikuspegi berritzaile batetik” aldarrikatzeko asmoz. 

La Gran Kedada Rural 2022 programazioa

Talentuaren eta Kulturaren jardunaldiez gozatzeko, egun bateko edo biko sarrerak daude. Tradizioaren jardunaldia doakoa izango da. Tiketak www.lagrankedadarural.org webgunean eskuratu daitezke. Web orri horretan daude ekitaldiaren xehetasun guztiak: programazioa, hizlariak eta artistak, lekua, nola iritsi, non lo egin, eta espazioaren mapa.

Kuartango, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren alde

Landa Kedada Handia Zuatzu Kuartangon egingo da, Kuartangoko kontzeju nagusian. Arrisku demografikoan dagoen bailara da, baina aukeraz betea. Gasteiztik 36,6 kilometrora dago, eta XX. mendearen hasierara arte erakarpen gunea izan zen, hainbat lekutako burgesak erakartzen zituen bainuetxe handi bat baitzegoen bertan. Baina bainuetxea itxi egin zuten, eta salestarren barnetegi bihurtu; horrela funtzionatu zuen 1950eko hamarkadara arte, harik eta ordena erlijiosoak alde egin zuen arte. 5.000 metro koadroko eraikin erraldoia ahitzen hasi zen, tren gutxiago iristen ziren, eta herria biztanleak galtzen hasi zen. Orain arte. Azken urteotan, hainbat jarduera sustatu dira eremu hau eta bertako ur sendagarrien gune zaharra biziberritzeko. Eraikinean Kuartango Lab ezarri da, Europak aitortutako berrikuntza eta ekintzailetza zentroa, eta bertan egingo da topaketaren zati bat.

Kuartango Laben barruan, hain zuzen ere, mahai-inguruak, hitzaldiak eta antzezlanak izango dira. Herriko kanpoko espazio handietan, Baias ibaiak zeharkatzen dituen horietan, larunbateko eta igandeko musika-emanaldiak izango dira; kiroldegian (kontzertuen gunearen ondoan), berriz, larunbateko chill out literarioa eta igandean antzezlan bat. Landa Kedada Handia ospatuko den gune guztiak ekitaldiaren mapan adierazita daude, esteka honetan: https://lagrankedadarural.org/mapa-del-espacio /.

Zuhatzu Kuartangora iristeko, anezkak jarriko dira. Gasteiztik joan-etorriko zerbitzuak egongo dira, bai eta bailarako turismo ostatuetatik gertu gaitutako disuasio aparkalekuetatik ere. Webgunean xehetasun guztien berri emango da, konexio espazioak eta ordutegiak zehaztu ahala.

Landa Kedada Handia Kuartangoko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesari esker, Añanako Landa Garapenerako Elkartearen eta ESA Taldearen lankidetzari esker, Kuartango Laben sustapen-lanari esker eta Rural Citizenen erakunde laguntzaile guztien laguntzari esker da posible; hau da, BIKO kooperatibak ekitaldi berezi honen landa-mundua eta ideologoa aktibatzeko sortutako ekimenari esker.

Partekatu