Nøgen, Idoia, Bulego eta Ellas taldeak zuzenean arituko dira lau toki enblematikotan, musika eta turismo industriala uztartuz 1000 Gradutan zikloan.   

Mila gradutan hasten da burdina urtzen. Burdina: Bizkaiko iragan industriala osatu zuten milaka lagunen ametsak eratzeko lehengaia, herrialdearen etorkizuna eta paisaia eraldatu zituena gaur egun den bezalakoa egiteraino. Eta mila gradutara igoaraziko dute giroa NøgenIdoia, Bulego eta Ellastaldeek, Euskadin une honetan egiten den musika fresko eta indartsuenaren ordezkari diren aldetik; izan ere, ekainaren 2tik 5era bitarte 1000 gradutan kontzertu-zikloan parte hartuko dute, Enkarterriko, Meatzaldeko eta Ezkerraldeko industria-ondarearen lau toki enblematiko eta ikusgarritan. Aire zabalean izango dira emanaldi guztiak, eta jendeak doan sartu ahal izango du, edukiera bete arte.   

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Enkartur agentziak sustatu eta finantzatzen dute 1000 gradutan ekimena, Enkarterriko, Meatzaldeko eta Ezkerraldeko Eskualdeko Plan Estrategikoen esparruan, eskualde horietako industria-ondareari balioa emateko. 

1000 Gradutan kontzertuen kartela Nøgen, Idoia, Bulego eta Ellasekin.

1000 Gradutan programazioa

Ekainaren 2an izango da lehen emanaldia, 90eko hamarkadako brit-pop mugimenduaren jarraitzaile sutsuak diren Balmasedako lau musikarik osatzen duten Ellas taldearen eskutik, eta Gallartako Concha II meategiaren zabalgunean izango da kontzertua, garai batean Europako burdina-meategi handiena izandakoan dagoen begiratoki harrigarri batean.

Idoia abeslaria ekainaren 3an arituko da Balmasedako La Encartada Fabrika Museoan; XIX. mendean ehungintzako fabrika izan zen eta, gaur egun, industria-iraultzaren hastapenen eta euskal txapela ikonikoaren historiaren zati bat biltzen dituen museo bitxia da. Aramaioko abeslaria aurtengo “euskal promesa handia” dela diote eta, euskaraz nahiz gaztelaniaz, abesti bakoitzean samurtasuna eta indarra uztartzen espezialista da.

Bulego taldea Euskadin punta-puntako pop fenomeno nagusia da, eta Erdian Oraina lehen disko ezaguneko abesti dantzagarri eta argitsuak eskainiko ditu ekainaren 4an, Muskizeko El Pobal burdinolan; XVI. mendean eraiki zuten burdinola, Barbadun ibaiaren ertzeko paraje magiko batean.

Zikloa ixteko, une honetako talde garrantzitsuenetako bat eta euskal musikaren harrobiaren estandarte den Nøgen taldeak abeslari berriarekin egingo du emanaldia ekainaren 5ean Barakaldoko Ilgner eraikinean. Bizkaiko Labe Garaiak egon ziren tenplu-itxurako eraikin horretan urte askotan, eta Karl Ilgner asmatzailearen izena jarri zioten, bertako argindar-sistema asmatu zuenez.

1000 gradutan ekimeneko programazioaren eta kokaguneen bitartez, Enkarterriko, Meatzaldeko eta Ezkerraldeko baliabide eta elementu turistiko erakargarriak nabarmendu nahi dira; izan ere, Enkarterria Bizkaiko eskualderik zabalena da, errekor ugariren eta panoramika ikusgarrien gune, gailur eta haran artetik itsasertzeraino iristen dena, eta Meatzaldeari eta Ezkerraldeari dagokienez, euskal industriaren sorlekutzat jotzen dira, eta oso ezagunak dira bertako meatze-paisaia ikusgarriak eta metalgintzako nahiz ontzigintzako enpresak. Azken batean, lehentasunezko jarduera-zonalde horiek dinamizatzea da helburua, hiru eskualdeen arteko sinergiak baliatuta. Xarma handiko hiru toki dira, txoko magikoak ezagutzeko eta zapore autentikoak dastatzeko aukera ezin hobea.

1000 Gradutan Ekainak 2, osteguna – Gallarta. Concha II meategiaren zabalgunea – ELLAS Ekainak 3, ostirala – Balmaseda. La Encartada Fabrika Museoa – IDOIA Ekainak 4, larunbata – Muskiz. El Pobal burdinola – BULEGO Ekainak 5, igandea – Barakaldo. Ilgner eraikina – NØGEN   Kontzertuak 20:00etan hasiko dira. Sarrera doan, edukiera bete arte.
Partekatu