2022ko irailaren 1ean, 2an eta 3an musika, artea eta jasangarritasuna ardatz dituen jaialdiaren lehen edizioa izango da Lisboako Parque da Bela Vista parkean. Arctic Monkeys taldeak jaialdia aukeratu du datorren urtean Portugalen egingo duen kontzertu bakarra emateko eta, horretaz gain, The Chemical Brothers, Kraftwerk, Ornatos Violeta, Chet Faker, Moderat, Blossoms, Peaches eta The Lathums ere arituko dira.

Kalorama jaialdia diseinatzeko garaian Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekiko konpromisoa hartu da ardatz, eta jaialdien aro berri baterantz eramango gaituen bidearen oinarriak finkatuko ditu.

Abenduaren 1ean jarriko dira sarrerak salgai kalorama.pt webgunean, baina itxarote-zerrenda dago jada sarrerak azaroaren 29ko aurresalmentan eskuratzeko, lehenengo zaleentzat prezio bereziak eskainiko baitira. 

Oharra: Datorren urtean tenperaturak gora egingo du Lisboan, zehazki, Parque da Bela Vista parkean, hau da, musika, artea eta jasangarritasuna uztartuko dituen Kalorama gure jaialdiaren lehen edizioaren kokalekuan, 2022ko irailaren 1ean, 2an eta 3an.

Lisboako hiri-parke handienetako batean izango da, eta ingurune pribilegiatua dela esan dezakegu, berdegune handi-handiak izateaz gain, garraiobide publikoetatik, aireportutik eta hiriko erdigunetik oso gertu dagoelako. Gainera, ibaiaren ikuspegi zoragarriak ere eskaintzen ditu punturik garaienera igoz gero. Eta, hain justu, parke horrek eman dio izena jaialdiari; izan ere, Kalorama hitzak «ikuspegi ederra» esan nahi baitu grezieraz, eta grekoak, esan gabe doa, inspirazio-iturri izan dira historia osoan kulturaren arloan eta kultura-adierazpenen arloan. Jaialdiaren sustatzaile nagusiak House of Fun eta Last Tour dira, eta datorren urtean abiaraziko dute ekitaldia, aro berria eta aro berriko jarrera berriak ospatzeko asmoz, betiere 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen ildoari jarraikiz.

Eta, hain zuzen ere, musikarekin hasiko gara, lineup-a osatuko duten lehen izenak ezagutarazi direnez. Inpakturako prest: 3, 2, 1…

Arctic Monkeys taldea jaialdiko artisten artetik lehen zerrendaburua izan da. Zaleen gozamenerako, 2022. urtean disko berria kaleratuko dutela iragarri ostean, taldea martxan da berriro eta Kalorama hautatu du datorren urtean Portugalen eskainiko duen emanaldi bakarra egiteko. Musika elektronikoa egiten duen The Chemical Brothers biko britainiarrak baieztatu du jaialdian parte hartuko duela; talde honek ere abesti berriak kaleratu ditu aurten, etenaldi baten ondoren, eta jaialdirako motorrak berotzeko ezin hobeki! Zerrenda luzea osatu dugu dagoeneko, lehen mailako izenekin, hala nola Kraftwerk alemaniarrak; garai guztietako proiektu elektroniko garrantzitsuenetako bat da, eta bere musika Düsseldorf hiritik Lisboara zuzen-zuzenean ekarriko du, jaialdirako. Tokiko taldeei dagokienez, Ornatos Violeta talde portugaldar ezagunak jaialdian parte hartuko duela iragarri du; beraz, 2022ko irailean berriro ere agertokietara itzuliko dira, eta ziur ikuskizun ahaztezina eskainiko digutela. 

Aurkezpenik behar ez duen beste talde bat Chet Faker da; Hotel Surrender izena duen proiektu arrakastatsua kaleratu berri du taldeak, eta kritikarien esanetan «bikaina eta harrigarria» da. Bestalde, Moderat hirukoaren zaleak ere poz-pozik egongo dira; izan ere, laugarren albuma argitaratuko dutela iragarri dute, berriki, sare sozialen bitartez eta, noski, kontzertuak ere egingo dituzte. Jaialdian arituko dira, halaber, Blossoms eta portugaldarrek hain gogoko duten Peaches taldeak; lehenengo taldeak 2016. urtean lehenengo diskoa kaleratu eta berehala lortu zuen arrakasta-zerrendetako goiko postuetara iristea, izen handiko artistak atzean utzita. Kalorama jaialdiko izar-zerrenda osatzeko, debut bat ere badugu: The Lathums taldea lehen aldiz arituko da Portugalen. 2021. urtea intentsitate handiz bizitzen ari da indie taldea; izan ere, How Beautiful Life Can Be lehenengo abestiarekin Erresuma Batuko 1. postura iritsi dira, sarrera guztiak saltzea lortu dute Victoria Warehouse aretoan, eta orain kritikarien goraipamenak ere jaso dituzte Gabonetako singleari esker. Batek baino gehiagok esan du aurtengo abestirik onena dela. 

Baina Kalorama ez da musika bakarrik. Nazioko eta nazioarteko musika-panoramako lehen mailako musika-proposamenak ekartzeak arreta artista ospetsuen gain ez ezik, talentu berrien gain ere jartzea ekarriko du; horretaz gain, jasangarritasunaren aldeko konpromiso irmoa ere badakar jaialdiak, 2030 Agendaren helburuen ildoari jarraikiz. Jaialdiak ingurumenean eragiten duen inpaktua ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin eta, aldi berean, tokiko komunitatearen garapena eta hazkundea sustatuko duten eta denboran iraungo duten onurak sortzeko asmoz kulturaren, gizartearen eta ekonomiaren arloetan, Kalorama jaialdiak zeharkako eredu arduratsu eta jasangarria bultzatu nahi du, ikus-entzuleekin eta laguntzaileekin konprometitua, pentsamoldeak eta jarrerak aldaraziko dituzten ekimenak sustatzearren. 

Jaialdian abiaraziko diren hainbat ekimen aipatzearren, prozesu guztietan gizarteratzea eta gardentasuna ziurtatuko direla nabarmendu dezakegu, eta gutxiago kutsatzen duten eta irisgarriagoak diren energiak erabiliko direla, edo eskura dauden baliabideak optimizatu eta berrerabiliko ditugula, besteak beste. Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzea guztion erantzukizuna dela jakitun izanik, jaialdiaren konpromisoa haratago doa eta balio horiek mundu guztiarekin partekatzeko ahalegina ere egiten dugu. Esperientzia bat sustatzea da kontua, musika damurik gabe gozatzeko, planeta zaindu eta kultura-eredu jasangarria bultzatuz, Lisboa hiriari ekarpena eginez eta garai berri bateko jaialdietarantz eramango gaituen bidearen oinarriak finkatuz.

Kalorama jaialdirako sarrerak salgai daude 2021eko abenduaren 1etik. Laster iragarriko ditugu jaialdiko xehetasun gehiago: bai kontzertuetan parte hartuko duten artisten izenak, baita tokiari, jarduerei eta egitarau paraleloari buruzko informazioa ere. 

Partekatu