Mirua gipuzkoar talde gazteak eta Euskal Herrian moda-modakoa den Malakiasekoizleak Goiz hiltzen dira ametsak kolaborazioa argitaratu dute gaur. Ekoizle gazteak egiten dituen remix-ak oso ezagunak dira azkenaldian, eta, gaur egun, hilean 30.000 entzule baino gehiago ditu Spotify plataforman. Bestalde, Mirua taldeak bere txokoa aurkitu du euskal pop musikaren munduan. 2022ko azaroan kaleratu zuten izen bereko lehenengo EPa urteko onenetako bat izan zela esan zuten Zarata/Mondosonoro aldizkarian, eta 2023. urte honetan Hirian ekimenaren barruan kontzertua eskainiko du ekainaren 17an. 2019an sortu zuten taldea Maitane Iruiñek eta Malentxo eta Mattin Zeberio anai-arrebek, eta musika-estilo berezi-berezia dute, pop klasikoko melodia eta instrumentuak elektronikarekin eta indie esperimentalenarekin uztartzen baitituzte. Goiz hiltzen dira ametsak izenburuarekin zera adierazi nahi dute artistek, handitzen hasten zarenean, munduak txikiagoa ematen duela eta amets egiteko leku gutxiago dagoela. 2000ko hamarkadaren hasierako musika izan dute inspirazio-iturri, eta emo ereserki bat bihurtzeko osagai guztiak bildu dituzte abestian; izan ere, gitarren ordez, Miruaren diskografia osoko sintetizadore bortitzenak eta indartsuenak entzun daitezke abesti honetan. Bideoklipa Mattinek zuzendu du, eta ideia horrekin egin du jolas: taldekideek rock talde baten imitazioa egiten dute, eta abestian entzuten ez diren instrumentuak jotzen agertzen dira. Mirua taldeak soinu berriak arakatzen ditu euskal musikaren barruan, eta euskara hutsez idatzitako kantautore letrak soinuzko beste elementu garaikideago batzuekin uztartzen dira, pop-estilotik eta sintetizadoreetatik gertu. Arnasten du hemen eta Koloreek izan ziren aurreko bi singleak eta, horiei esker, taldeak Harrobia sariaeskuratu zuen Gaztea irratiko maketa-lehiaketan, 2021. urtean.

Partekatu